Kalamua sendagai gisa erabiltzea debekatu du AEBetako Gorenak

(2005-06-08)

Washingtongo gobernuak erabiltzaileak jazarri ahalko ditu, sendagaia euren estatuetan legezkoa izan arren

«Ez diot kalamua erabiltzeari utziko», esan zuen atzo Angel Raich 39 urteko emakume kaliforniarrak, «utziko banio, hilko nintzateke». Kalamuak gurpildun aulkitik salbatu zuela uste du Raichek. Eskoliosia eta garuneko tumore bat dauka emakumeak eta haserre erantzun zion Ameriketako Estatu Batuetako Auzitegi Gorenak astelehenean plazaraturiko ebazpenari. Erabakiaren arabera, Washingtongo gobernuari zilegi zaio herritarrak jazartzea kalamua erabiltzeagatik, sendagai gisa erabiltzen badute ere. Herritar horien estatuan erabiltzea legezkoa izan arren jazar ditzake.
Washingtongo agintariek kalamua agintzen duten sendagileak atxilotu eta auzipetu ditzakete, Auzitegi Gorenak atzo erabaki zuenez. Horrez gain, lege urraketatzat j o du norberarentzat eta sendagai gisa kalamu kopuru txikia haztea, gaia salerosten ez bada ere. Epaimahaiko sei epailek zigorraren alde bozkatu zuten eta hiruk aurka. Kaliforniak lege bat ezarri zuen 1996. urtean, sendagilearen baimena duten pertsonei kalamua hazteko, erosteko eta erretzeko bidea emateko. Antzeko legeak dituzte AEBetako 50 estatuetatik beste bederatzik. Lege federala tokian tokiko arauen gainetik dagoela ebatzi zuen, beraz, herenegun Auzitegi Gorenak.
'Raich Ashcroften aurka' Raich Ascroften aurka izena jarri diote auziari. Izan ere Angel Raichek eta Kaliforniako beste emakume batek John Ashcroft AEBetako fiskal nagusia zenaren aurka jarritako salaketarekin abiatu zen. Bi emakumeek kalamua erabiltzen zuten gaixotasunak eragindako minen aurkako botika gisa, eta Kaliforniako legeek babesa ematen zien horretarako. Edonola ere, Polizia Federala Raichen etxean sartu zen eta kalamua hartzeko tresnak bahitu zizkion. Diane Monson 47 urteko emakumearen etxean ere sartu zen, eta patioan zituen bederatzi kalamu landareak kendu zizkion. Ashcroften aurkako salaketa batekin erantzun zuten bi andreok, eta Helegite Auzitegiak arrazoia eman zien. Gobernuak, orduan, Auzitegi Gorenera eraman zuen auzia.
«Etsigarria da Gobernu Federalak kalamua sendabide gisa erabiltzeko baimenik ez ematea, Kanadak eta Herbehereek ematen badute», esan du kalamua legeztatzearen aldeko Allen St. Pierre ekintzaileak, Auzitegi Gorenaren erabakiaren berri jaso ondoren. «Ez zientziak ezta ikerketek ere ez dute erakutsi kalamua segurua edo eraginkorra dela», esan dute, ordea, Droga Kontrolatzeko Politikaren Bulego Nazionaleko eledunek.
Debekua eta aukera AEBetako Auzitegi Gorenak emaniko ebazpenean, bidearen amaiera baino, aukera bat ikusi dute kalamua erabiltzearen aldekoek. Horien arabera, ebazpena idaztean pilota Kongresuaren teilatuan jarri du John Paul Stevens epaileak. Izan ere, Washingtonen legedia aldatzen badute, ebazpena aldatuko dela idatzi zuen Stevensek.
Horrez gain, erabakia indargabetzeko aukera ikusten dute datorren astean Kongresuak bozkatu behar duen emendakin batean. Arau horren arabera, ez zaio dirurik gastatzen utziko Gobernu Federalari, kalamua sendagai gisa erabiltzen dutenen aurka jotzeko. Emendakina onartzen bada, «jazarpena urte fiskal oso batez geldituko da», esan zuen atzo Robert Raich kalamuaren erabiltzaileen defendatzaileak. Angel Raich erabiltzailearen senarra da abokatua. «Espero dezagun Kongresuko kideek errukia izatea», gaineratu zuen emakumeak. Prentsaren aurrean eginiko agerraldiak behin eta berriz eten zituen Angel Raichek, kalamua hartzera joateko. «Ez dut gustuko», argitu zuen, «ez nau pozik jartzen».

BERRIA egunkariatik hartuta (2005-06-08)

0 Comments:

Post a Comment

<< Home